Eskubideetan hobekuntzak Nafarroan - 2023-2027 legealdia - Konfiantza eraikitzen

Herritarren eskubideak

Legegintzaldiko lehen urtean zenbait eskubideren alde lan egin da: osasuna, etxebizitza eta eskumen historikoak

NFEBHLO aldatzeko akordioa, trafiko eskumena berreskuratzeko

Nafarroako autogobernua indartzeko beste urrats bat

Nafarroako Foru Komunitateko eta Estatuko administrazioek apirilean izenpetu zuten Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa aldatzeko proposamenaren akordioa, eta Nafarroak trafikoaren eskumen osoa berreskuratuko du akordio horri esker. Foru Parlamentuak onetsi eta Gorte Nagusietara igorri du, izapidetzeko. NFEBHLOren hirugarren aldaketa izanen da ia 42 urtean. 


Motibazio politikoko indarkeriaren biktimen lehen aintzatespenak eta erreparazioak

Jendaurreko ekitaldia eta lehen espedienteak ebaztea 16/2019 Foru Legearen babesean

Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuak onartu egin ditu eskuin muturreko taldeek eta funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimen lehen aintzatespenak.

Aintzatespen horiei dagokienez, alderdi indibidual eta pribatuaz gain, jendaurreko ekitaldia ere izan da, eta, haren bidez, era horretako indarkeria pairatu duten pertsonen erreparazioa lortu nahi da. Indarkeria horrek eragin zituen, izan ere, aipatutako testuinguru biktimologikoan, heriotzak, zauriak eta kalte fisiko edo psikologikoak indarkeriazko, neurrigabeko eta legez kontrako ekintzen ondorioz. Urtarrilean, Errekonozimendu eta Erreparazio Batzordeak urteko lehen txostena ere helarazi zion Parlamentuari.


Sexu Indarkerien Arreta Integraleko Zentroa zabaldu da

Arreta 16 urtetik gorako emakumeei, biktimei eta sexu indarkerietatik bizirik atera direnei

Apirilean jarri zen martxan Sexu Indarkerien Arreta Integraleko Zentroa (SIAIZ). Eguneko 24 orduetan eta urteko 365 egunetan arreta espezializatua ematen die 16 urtetik gorako emakumeei, biktimei eta sexu indarkerietatik bizirik atera direnei; bai indarkeria duela gutxi, bai iraganean gertatu bada, eta salaketarik egon beharrik gabe. 

SIAIZ espazio seguru eta konfidentzial gisa sortu da; 1,3 milioi euroko inbertsioa ekarri du. Europar Batasunaren NextGenerationEU funtsekin finantzatu da, Suspertze, Eraldatze eta Erresilentzia Planaren bidez.


Nafarroako Joko eta Apustuen Erregelamendu berria

Lokalak, ordutegiak eta makinak arautzen ditu, pertsona kalteberak babesteko eta adikzio arriskuak murrizteko

Testua Nafarroako Kontseiluari igorri zaio Jokoaren Kontseiluak onartu ondotik, eta adikzio- eta ludopatia-arriskuak prebenitzea du helburu, bai eta adingabeei eta arrisku taldeei jokorako sarbidea eragoztea ere. Hainbat neurri jasotzen ditu, hala nola joko lokaletarako sarbidea kontrolatzea, lokalak irekitzeko ordutegiak ezartzen ditu eta ukatu egiten du era horretako establezimenduak paratzea ikastetxeetatik, jokalari patologikoak birgaitzeko zentro ofizialetatik eta osasun zentroetatik 400 metrora baino gutxiagora, besteak beste. Orobat, apustu makinen funtzionamendua arautzen du.


Emanzipa programaren hobekuntzak

Gazteentzako programa espezifikoen estaldura handitzea

35 urtera arte luzatu da Emanzipa programako laguntzak jasotzeko finkatutako adina. Laguntza horiek jasotzen ahal dituzten gazteen errenta 22.000 eurora handitu da. 650 eurotik 700 eurora handitu da laguntzok jasotzen ahal dituen alokairu prezioa, laguntzak merkatuko prezioetara gehiago doitzeko. Hilean batez beste 50 euro handitu dira laguntzak tarte guztietan, eta langabezian dauden pertsonek laguntza horiek jasotzeko aukerari eutsi zaio, haien adina edozein dela ere.


Osasunari buruzko foru lege berria idaztea

Testu berria egin da eta laster hasiko da kontsultarako eta parte-hartze publikorako prozesua

Idatzi egin da Osasunari buruzko Foru Lege berriaren testua, Nafarroako Parlamentuko Osasun Batzorde Berezian, 2023an, erabakitako dokumentuan ezarritako oinarriekin. Aste batzuk barru hasiko da kontsulta eta parte-hartze publikorako epea.

Ezarritako gai nagusiak hauek dira: Osasunerako aurrekontu nahikotasuna bermatzea; Nafarroako Osasun Sistemaren eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren izaera juridikoa berrikustea, autonomia handiagoa emateko; kudeaketa eredu berriak, eta zerbitzu publiko guztiek kontuak eman ditzaten ezartzea.


Gizartearen eta lurraldearen kohesioa kulturaren, kirolaren eta turismoaren bidez

Departamentuaren hiru eremuetan kudeatzen dira toki erakundeetarako laguntzak

Kulturari dagokionez, Nafarroako toki erakundeek bi laguntza ildo izan dituzte aukeran. Bata, udal espazio eszenikoetan arte eszeniko eta musikal profesionalak programatzea diruz laguntzeko, eta bestea, jarduera artistikoak eta kulturalak egitea diruz laguntzeko; 1.340.000 euro guztira.

Kirolaren arloan, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak milioi bat eurora arteko finantzaketa eman du toki erakundeek kirol instalazioak eraberritzeko.  

Turismo Zuzendaritza Nagusiak foru dekretu bat onetsi du autokarabanek gaua non igarotzen ahal duten arautzeko, eta, horretarako, toki erakundeei laguntzak eman zaizkie espazio horiek egokitzeko (400.000 euro). 


Eskubideetan aurrera egiteko beste jarduera batzuk

Proiektuak indarkeria matxistaren kontra borrokatzeko, bizitza kulturala sustatzeko eta desgaitasunari arreta emateko

NGIren gazte informazioko 29 puntuak puntu more bihurtzea

Hitzarmena, Nafarroako Gazteriaren Institutuaren (NGI) eta Emakumeen kontrako Indarkeriaren aurkako Gobernu Ordezkaritzaren Koordinazio Unitatearen artekoa, Gazte Informazio Sareko 29 puntuak eta informazio bulegoak puntu more bihur daitezen, eta haietan, gazteentzako erreferentzia puntuen bidez, emakumeen aurkako indarkeria guztiei aurre egiteko sentsibilizazio kanpainen berri eman dadin.

Eskola-jantokirako eskubidea zabaltzen da, eta hezkuntza espazio berria bihurtzen da

Nafarroako Kontseiluak eskola-jantokiei buruzko foru dekretu berria berretsita, Gobernuak onartuta eta hurrengo bost urteetarako zerbitzuaren lizitazioa eginda, Foru Gobernuak nabarmen zabaldu eta hobetu du hezkuntza zerbitzu osagarri horretarako eskubidea. Lehen aldiz, diruz lagunduko da eskola-jantokia ikasturteko 175 egunetan, ekaina eta iraila barne. Laguntzek gaurgero babesten dituzten kolektiboez gain, despopulatzeko arrisku larrian edo bizian dauden herrietako ikastetxeetako ikasleak ere sartzen dira, betiere herri horietan bizi badira; hala, menu osasungarriak arautzen dira, eta jantokiak ikasteko espazio bihurtzen dira.

Nafarroako Gobernuak desgaituentzako egoitza plazak gehitu ditu

Etxebizitza berria eraikitzea, Nafarroako Gobernuarena, 2023ko urritik martxan Iruñean. Adimen urritasuna duten pertsonak banakako geletan bizi diren 12 leku ditu eta arreta prozesu integrala eskaintzen zaie 10 lagunez osatutako talde profesional baten bitartez. Tuteran, 4 etxebizitzan 12 plaza berri finantzatu eta atontzen dira desgaitasuna duten pertsonentzat.

Nafarroako Gobernuak araudi berria onartu du kirol federazioetan emakumeen presentzia sustatzeko

Kirol federatua ez ezik, herritarren jarduera fisikoa bultzatzea, baita emakumeek kirolean duten presentzia ere; hala bada, araudi berri bat eta prestakuntza programak landu dira, federazioetako organo erabakitzaileetan emakumeen presentzia handitzearen alde egiteko. 2024-2028 aldirako Kirolaren Plan Estrategiko berrian jaso eta zabalduko diren gaiak.

Europako Kontseiluak jardunbide egokitzat eta eredutzat du ekimen hau, zeinak 10.000 ikasle baino gehiago dituen

Ana Ollo lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskarako kontseilariak eta Carlos Gimeno Hezkuntzako kontseilariak “Memoria duten eskolak” programa azaldu diote Europako Kontseiluari. Programa horretatik 30 ikastetxetako 10.000 ikaslek baino gehiagok parte hartzen dute urtero. Memoriaren eta hezkuntzaren esparruetan belaunaldi berriei bakearen eta bizikidetzaren balio demokratikoetan hezteko egindako lan partekatuaren eredu da. Nafarroako Gobernuko bi departamentuek bilkura batean parte hartu dute Kopenhagen, eta, ondoren, erakundeko kide diren 46 herrialdeentzako jardunbide egokiei buruzko erreferentziazko txosten batean sartu da ekimena.

Atzerritartasun arloko laguntza prestazioa hobetzea

Gurutze Gorriarekin beste kontratu bat sinatu da atzerritartasunaren arloko aholkularitza zerbitzuak indartzeko. Jatorri migratzaileko 8.000 pertsonari baino gehiagori eman zaie arreta 2023an. Kontratu berriari esker zerbitzuak giza baliabide gehiago izanen ditu, arreta gune berriak egonen dira, eta informazioa telefono bidez zentralizatuko da. Zerbitzua urtetik urtera hazten ari da, Nafarroara gero eta migratzaile gehiago iristen direlako, eta bertan arreta ematen diete, pertsonok egin behar dituzten legezko prozesu burokratiko ia guztiak ebatzi eta gauzatzeko.

Organo horrek 30 kide izanen ditu, Gobernuko eta gizarte zibileko kideak batuta

Arrazakeriaren aurkako Legearen ondorioz sortu da Kontseilua, etorkinen aurkako diskriminazio jarrerak prebenitzeko eta desagerrarazteko neurriak hartzearren, azken urteetan jokabide horiek gorantz egiten jarraitzen dutelako.

Kontseiluaren eskumenen artean garrantzitsuena da Nafarroan arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako borrokan diharduten elkarteen parte-hartze kolaboratiboa artikulatzea, diskriminaziorik ez izatea helburu duten politika publikoak planifikatzen, gauzatzen eta haien jarraipena eta ebaluazioa egiten parte har dezaten. Lan horietan, bereziki bultzatuko da pertsona arrazializatuen edo gutxiengo etnikoetakoen presentzia adierazgarria eta nabarmena duten elkarteen parte-hartzea.

Nafarroa zerbitzu hori eskaini zuen Espainiako lehen eskualdea izan zen

Urtarriletik aurrera, Justizia Errestauratiboko Zerbitzua prestazio bermatua bihurtu zen eremu horretan sexu abusuen biktima aitortuak diren eta hala eskatzen duten pertsona guztientzat. Oraingoz, bi prozesu errestauratibo aitzindari bukatu dira, biktima banarekin, eta espazio segurua sortu da pertsona horiek beren beharrak adieraz ditzaten, dituzten galderei erantzunak bila diezazkieten, eta, ahal den neurrian, kaltea konpontzeko beharrezkoak diren ekintzak identifika ditzaten. Era berean, Erreparazio Batzordeak segitu du biktimak aitortzen, eta hogei inguru dira gaurgero.

1.000.000 euro baino gehiago emanen dira Nafarroako saltokien lehiakortasuna hobetzeko

Txikizkako merkataritzako enpresa txiki eta ertainen lehiakortasuna hobetzeko dirulaguntzen deialdiak, 2024an, 1.170.000 milioi euroko aurrekontu historikoa izanen du. Deialdiaren helburua da inbertsioak, obrak edo digitalizazioa finantzatzea Nafarroa guztiko txikizkako saltokietan. Bai saltoki fisiko finkoetan, bai saltoki ibiltarietan. Deialdian dirulaguntza-lerro hauek daude: establezimenduak modernizatzeko eta eraberritzeko proiektuak, saltoki ez-sedentarioen proiektuak, merkataritzako ekintzailetza-proiektuak, eta negozioak eskualdatzeko lerro espezifiko bat.

Komunitateak turismo jasangarria eta espezializatua eraikitzearen alde egiten du

Aurrerapenak izan dira Nafarroa erreferente izanen den segmentu turistikoak bereizteko orduan, hala nola zikloturismoa –Nafarroa bizikletaz Produktu Kluba sortuz–, enogastronomia, turismo aktiboa eta naturako turismoa eta MICE. Horren isla da, esate baterako, Plazaolaren bide berdearen Nafarroako zatia egokitu izana, haren azken zatia ireki baita: Sarasatik Iruñera doana, alegia.

Pie de página