Azpiegitura berriak Nafarroan - 2023-2027 legealdia - Konfiantza eraikitzen

Azpiegitura berriak

Jarduketek, besteak beste, hobekuntzak ekarri dituzte errepide sarean, osasun arloan eta eskubide sozialetan

Belateko tunela bikoizteko obrak hastea

Azken urteotan Nafarroan obra publikoen arloan egin den proiekturik garrantzitsuena eta anbiziotsuena da

Nafarroako Gobernuak eskaera historiko bati erantzuten dio, eta agerian uzten du bide segurtasunarekiko konpromisoa Foru Komunitatea batzen eta Europarekin lotzen duten errepideetako batean. Belateko tunela bikoiztea “mugarri eta aurrerapen handia” da N-121-A errepidea 2+1 bide bihurtzeko prozesuan. 

Gainera, bete egiten du Europa barneko errepide sareko tuneletarako gutxieneko segurtasun baldintzei buruzko Europako zuzentaraua. Obrek 62,8 milioi euroko aurrekontua dute, eta 45 hilabeteko iraupena izanen dute.


Chivite presidentea eta agintariak, Ardoiko osasun-zentro berrira egindako bisitan.

Azpiegitura sanitario handien lizitazioa

Legegintzaldi honetarako Osasuneko obra handi gehienak lizitatu dira

Akordio Programatikoari jarraikiz, urteetan maiz eskatu diren obrak eta proiektuak lizitatu dira gaurgero. Honako obra hauek lizitatu dira: Atarrabiako osasun zentroa (5 milioi), Erripagañako osasun zentroaren obra proiektua (milioi erdi euro), Reina Sofia ospitaleko farmaziako obrak (1,7 milioi), NUOko ZIU pediatrikoaren proiektua (350.000 euro), Tutera Mendebaldea-Gayarre OZa birmoldatzeko eta handitzeko proiektua (310.000 euro) eta García Orcoyen ospitaleko Larrialdiak eta ZIUa eraberritzeko proiektua (7,2 milioi). Gainera, lizitatzeko prozesuan daude Garesko eta Lizarrako osasun zentroak.


83 milioi baino gehiago turismo jasangarriagoa lortzeko

Turismo sektorea hobetzeko Europako funtsen esleipen handiena duen autonomia erkidegoetako bat da Nafarroa

Nafarroak 83.470.947 euroko finantzaketa du Europako funtsetan, turismo jasangarria sustatzeko. Legegintzaldiko lehen urtean, hitzarmen guztiak sinatu eta gauzatu dira (dirua transferituta) Turismo eta Kultura Zuzendaritza Nagusian eta Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuan.  


Fontellas, Noain eta Altsasuko eguneko zentroen inaugurazioa

Nafarroako Gobernuak eguneko zentro berriak eraberritzeko eta eraikitzeko dirulaguntzak ematen ditu

Nafarroako Gobernuak, Europako funtsen bidez, 3,5 milioi euro bideratu ditu eguneko 12 zentro eraikitzeko eta hobetzeko; haietako 3 (Altsasu, Fontellas eta Noain) inauguratu dira gaurgero. 2024an 700.000 euroko beste deialdi bat bultzatu da beste udalerri batzuetan zentro berriak abian paratzeko.


Nafarroako Ubidearen lehen fasea handitzeko obrak bultzatzea

Ingurumen-inpaktuaren adierazpena lortzeko bigarren faseko proiektuaren izapideak aurrera doaz

Nafarroako Ubidea Nafarroako garapen sozioekonomikorako proiektu estrategikoa da; etorkizuna eta aukerak dakarzkie nekazaritzako sektoreari nahiz nekazaritzako industria sektoreari, eta badakar, orobat, Erribera kalitatezko urez hornitzeko parada, kantitate egokian hornitu ere. Horregatik, legegintzaldiaren hasieratik funtsezko bilerak egin dira Espainiako baliabide hidrikoak banatzeko orduan aitzindaria den proiektua aurrera eramateko.  Aurreikusita dago lehen fasea handitzeko lanak 2025eko lehen seihilekoan bukatzea. 


Azpiegituren proiektu gehiago

Nafarroako Gobernuak jardun du ikastetxeetan, garraioan eta ureztalurretan

2025eko lehen seihilekoan hasiko dira ibiltzen Bidean enpresako lehen anbulantziak

Abenduan Bidean enpresako gerentea izendatu ondotik, lanean ari gara enpresa sortzeko eta enpresa publikoko lehen anbulantziak 2025eko lehen seihilekoan ibiltzen has daitezen. 2024an honako hau lantzen ari gara: plan estrategikoa; lantaldea sortzea; mintzatzea interes taldeekin (garraio enpresak, sindikatuak, elkarteak, pazienteak); egoera eta flota aztertzea; baseak alokatu eta eraberritzea, etab., garraio sanitarioa orain kudeatzen ari diren bi enpresetatik (SSG eta Baztan Bidasoa) enpresa publikorako trantsizioa egin dadin.

Inbertsioa 21 milioi eurokoa izan da

Azaroan bukatu zen N-121-A errepidea 2+1 bide bihurtzeko lanen laugarren zatia.  Gauzatutako proiektuan hiru biribilgune daude 11,5 kilometroko ibilbidean zehar. Helburua zera da: bide segurtasuna handitzea eta funtzionaltasun handiagoa ematea gure komunitateko komunikazio ardatz garrantzitsu honi.  

Gobernuak hartuko du bere gain neurria ordaintzea, eta 2027ra arte bederen egonen da indarrean

Nafarroako Gobernuak luzatu egin du AP-15aren deskontua aplikatzeko epea, 24 ordu baino gutxiagoan joan-etorriko bidaia egiten duten ibilgailu arinentzat. Neurri horrek ordaindu beharreko prezio garbiaren % 100eko murrizketa dakar indarrean dagoen deskontu politika komertzialari dagozkion deskontuak aplikatu ondotik. 

Neurriak erakusten du gobernuak zer-nolako sentsibilitatea eta konpromisoa duen Erdialdeko eta Erriberako bizilagunekin, bereziki, baina hedaduraz, komunitate osokoekin, arrazoi batengatik edo besteagatik bide hori erabiltzen badute.

Nafarroak 20 milioi euro inbertituko ditu 85 kilometro baino gehiagoko bizikleta erreiak sortzeko

Mugikortasun jasangarriagoa, inklusiboagoa eta osasungarriagoa bultzatzea da Nafarroako Gobernuaren politikak egituratzen dituzten ardatzetako bat. Azken urteotan 20 milioi euro inguru inbertitu ditugu, eta horietatik 12,5 milioi euro Europako funtsen bidez finantzatu dira. Gainera, lan ildo hori sustatzeko zenbait ekintza daude. Bizikletak konpontzeko, tailer eta prestakuntzarako dirulaguntzak, eta toki erakundeentzako laguntza deialdiak bizikleta bide berriak egiteko: 2,2 milioi euro.

5,9 milioi euroko gutxi gorabeherako inbertsioa

Nafarroako Gobernuak abenduan onartu zuen Tafallako suhiltzaile etxea eraikitzeko obrak kontratatzea; hori horrela, 5,9 milioi euroko inbertsioa eginda, larrialdietarako azpiegitura moderno eta egokia edukiko du Erdialdeak. 

Instalazioek, 4.875 m2-ko lurzatian, suhiltzaile etxearen eraikinaz eta praktiketarako guneaz gain, kotxetegia, maniobra dorrea eta helikopteroak lurreratzeko eremua izanen dituzte. Diseinuak funtzionaltasun irizpideei jarraitzen die; izan ere, langileen eta ekipamendu teknikoaren beharrei eta energia eraginkortasunari erantzuten diete, autokontsumorako panel fotovoltaikoak izanen baititu.

Irakasteko modu berri batera egokitzen diren espazioak

Hezkuntza azpiegitura berriak bultzatzea da oraindik Hezkuntza Departamentuaren bereizgarria. Iruñeko Paderborn-Lezkairu ikastetxe berria 2023-2024 ikasturtean jarri da martxan. Ikastetxe berriak diseinatzeko orduan dagoen eraikuntza kontzeptu berriaren adibide nabarmena.

Sesmako Virgen de Nievas edo Iruñeko Andrés Muñoz Garde hezkuntza bereziko ikastetxeak; zenbait ikastetxe handitzea eta modernizatzea, hala nola Fiteroko Juan de Palafox ikastetxea edo Eguesibarko Sarriguren BHI; Erripagañako Egunsenti haur eskola eraikitzeko obrak esleitzea, Arraiozko ikastetxea handitzea edo Irunberrin eraikiko den batxilergoko institutu berria, proiektu nabarmenak ahaztu gabe, hala nola Oronoz-Mugairiko LHko ikastetxe berria eta ETI San Juan birmoldatzea Tuterako eta Erriberarako ostalaritza eta turismo ziklo berrietarako.

Ribaforadako jarduerekin hasi da ureztaketa plana, 11 milioi eurorekin

Foru Gobernua Nafarroako ureztaketa azpiegiturak energia berriztagarriak gehituz modernizatzeko lehen inbertsioak egiten hasi da. Lehenengo jarduketan, 11,3 milioi euroko inbertsioa egin du Ribaforadan (horietatik 1,2 milioi ureztatzaile elkarteek berek paratuko dituzte); jarduketak herri horretako 500 nekazaritza hektarea hartuko ditu barne. Esku-hartze horren atzetik etorriko dira beste batzuk, heldu diren bi hamarkadetan garatuko den ureztatze foru plan handinahian jasotakoak.

Eraldaketa digitalean aurrera egitea, zerbitzuak eta eraginkortasuna hobetzeko eta goi mailako ikerketa bizkortzeko

Urtarrilean iragarri zen Datuak Prozesatzeko Zentroa (DPZ) berritu izana; bikoiztu egin du kapazitate elektrikoa, eta ekipo kopurua 48tik 96ra handitu du. Sorgailuak, kableak, klimatizazioa eta efizientzia energetikoa ere hobetu dira. Ekipo teknologikoetarako eremua 138 m²-tik 290 m²-ra handituko da. Unibertsitateek, zentro teknologikoek eta enpresek erabilgarri izanen dute DPZ hori oraindik IRIS-Nafarroa Berrikuntza Digitalaren Gunearen bidez. Berritzeak 2,6 milioi euroko kostua izan du, eta finantzatu egin da Espainiako Gobernuaren Administrazio Publikoak modernizatzeko Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren (SEM) funtsak erabiliz.

Pie de página