You were redirected to http://construyendoconfianza.navarra.es/eu/web/construyendoconfianza/etorkizuneko-erronkak .

Click the following link if you want to dismiss this redirect and access the original URL: Esteka .

Nafarroaren etorkizuneko erronkak - 2023-2027 legealdia - Konfiantza eraikitzen

Etorkizuneko erronkak

Foru Komunitateak ondoko erronka hauek ditu, besteak beste, etorkizunari begira: hezkuntza, ikerketa, lehen sektorea eta mugikortasuna

ikasNOVA Hezkuntza Digitalizatzeko Plana

60 milioi euroko inbertsioa hezkuntza sistema publikoaren konpetentzia digitalak bermatzeko

IkasNOVA hezkuntza Digitalizatzeko Planean oinarritzen da Nafarroako hezkuntza sistema irakasleen eta ikasleen konpetentzia digitala garatzeko, digitalki adituak diren ikastetxeak eraikitzeko, eta horrez gain, eduki digitalak behar bezala sortzea eta berrerabiltzea, eta zerbitzuak, azpiegiturak eta ekipamenduak hobetzea eta modernizatzea antolatzeko.

STREAM-IA Pentsamendu Konputazionaleko Zentroen Sarea sortzea, Hezkuntza Digitalizatzeko Baliabideen Zentro berria, 4.700 ikasgela digital elkarreragileko sarea edo ikasNOVA gelen etengabeko hedapena; izan ere, gaur egun 72 dira eta gehiago izanen dira 2024/2025 ikasturtearen bukaeran. Planaren tresnetako batzuk dira.


Nafarroa, liderra ibilgailu elektrikoen matrikulazioetan

Nafarroa da ibilgailu elektrikoetarako MRR funtsak hobekien kudeatu dituen erkidegoa

Ibilgailu elektrikoen gaineko datuei dagokienez, Nafarroan %16,5eko kuota dago merkatuan, Estatuko batez bestekoaren bikoitza baita. Horren arrazoiak honako hauek dira: plangintza (Mugikortasun elektrikorako Agenda), dirulaguntzen kudeaketa egokia (onenak gara MOVESIII kudeatzen), kenkari fiskalak ibilgailu elektrikoetarako eta horiek  kargatzeko tokietarako, eta kargatzeko tokien azpiegitura hobetzeko lana; gaur egun 2.536 toki daude (2021ean 614 baino ez ziren).


I+G+B arloko ikerketari bultzada handiagoa ematea

I+G+B arlorako funtsak handitzea

Lehen urte honetan, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak elkarlaneko proiektuen beste deialdi bat egin du (16,5M), erakunde publiko eta pribatuen arteko ikerketa eta berrikuntza bultzatzeko. Gainera, beste laguntza batzuk 2 milioi euro inguru handitu dira gure ekosistema berritzailean ikerketa sustatzeko, Nafarroa Europako 100 eskualde berritzaileenen artean egoteko helburuarekin. Horrez gain, EVOLTIN jarri da abian; haren deialdi berrian 3,15 milioi euro izanen dira Foru Komunitateko ikerketa zentroen gaikuntza, sendotzea eta bikaintasuna sustatzeko.


NPEaren Europako aldaketak Nafarroara egokitzea

Nafarroako lehen sektorearen errealitateari aplikatutako neurriei buruzko adostasuna nekazaritza erakundeekin

Foru Gobernuak entzute aktiboko eta elkarrizketarako bide bat ireki zuen urte hasieran nekazaritzako erakundeekin, eta haiekin 49 neurri adostu zituen azkenean, Bruselara eramateko, NPEari buruzko negoziazioen esparruan. Prozesu horren ondorioz, aldatu eta malgutu egin zen Europako Erregelamendua, eta ondotik, akordio bat lortu zuen Gobernuak Nafarroako Nekazaritza Kontseiluan, aldaketok Foru Komunitateko nekazaritzako eta abeltzaintzako eredura egokitzeko.


Beka gehiago eta nazioarteko mugikortasun handiagoa

Ikasleen nazioarteko mugikortasunerako zenbatekoa handitzea eta beka berriak sortzea

2023/2024 beka deialdian aurreko urtean baino % 15 gehiago ordaindu da; 3,1 milioi euro guztira. Gainera, 340 eta 660 euro bitarteko onura gehigarria gehitu da egoitza ordaintzen laguntzeko; 650 ikaslek lortu dute haren onura. Era berean, doktoratu aurreko nazioarteko mugikortasunerako zenbatekoa 150.000 eurotik 200.000 eurora hazi da.

Azkenik, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak, LaCaixa Fundazioarekin lankidetzan, hitzarmena sinatu du Ekitate Masterraren beka berriak sortzeko, diru-sarrera txikiak dituzten gazteei kalitatezko goi mailako hezkuntza bermatzeko.


Nafarroa da, Espainia osoan, zor gutxien duen eskualdea

Nafarroako zorra BPGaren % 12 da, eta hobetu egin du Kanariekiko, Madrilekiko eta EAErekiko posizioa

2023an, Nafarroak 207 milioi euro murriztu du zorpetzea, eta, 2020tik neurtzen bada, 666 milioikoa da zorraren murrizketa. Hamar urte baino gehiago egin beharko litzateke atzera antzeko zor zifrak ikusteko; horrek agerian uzten du denbora laburrean egindako ahalegin fiskala, beste eskualde batzuetan egindakoa baino handiagoa
 


Landa Garapenerako Foru Lege berriari buruzko eztabaida ireki da

Araudi berriak zeharkako estrategiak indarberritu nahi ditu landa mundu bizia suspertzeko

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak eta Lurralde Kohesiorako Departamentuak eztabaida zabaldu dute, eta kontrastatu egin dute, barnean, departamentu guztien artean eta inplikatutako tokiko eta gizarteko hainbat eragilerekin, Landa Garapenerako Lege berri bat bultzatzeko beharrik dagoen.

Lege horrek, zeharka, lurralde garapen jasangarriko estrategiak eta politika sektorialak bultzatu ditzan, Nafarroan landa mundu bizia suspertzen laguntzeko, eta despopulazioaren fenomenoak mehatxatutako eskualde jakin batzuei erantzuten laguntzeko.


Foru Komunitatearen beste erronka batzuk

Nafarroaren helburua da erreferentzia izatea Lanbide Heziketan, jasangarritasun, ekonomia zirkularrean eta turismoan

Eraikuntzari eta arkitekturari aplikatutako industrializazioa eta robotika sustatzeko fundazioa

Nafarroako Gobernuak, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentua buru duela, Building & Architecture Institute (BAI) Fundazioa sortzea bultzatu berri du, Nafarroan eraikuntza eta arkitekturaren arloko industrializazio eta robotikako Espainiako zentroa ezartzeko lehen urrats gisa. Fundazio berri honen helburuak dira, besteak beste, arlo horietan ezagutza eta efizientzia hobetzea, profesionalak ekoizpen eredu berrietara egokitzeko prestakuntza espezializatua ematea, eta eraikuntzaren sektoreko jasangarritasunarekin eta robotizazioarekin lotutako teknologia transferitzea.

Lurralde irudi berritua, indartsua eta sendoa transmititzen du, konfiantza eta erakargarritasuna sortzeko

Nafarroako Gobernuak Nafarroa Markaren definizio berria eta haren jarduketa ardatzak erabaki ditu, Foru Komunitatea ekosistema sozioekonomiko erreferentea izan dadila bultzatzeko. 2019an hasitako hausnartzeko eta parte hartzeko prozesuaren ondotik, Gobernuak ahalegin publikoak eta pribatuak bilduko ditu, Foru Erkidegoaren “barruan eta kanpoan konfiantza eta erakargarritasuna sortzen duen lurralde irudi berritu, indartsu eta sendoa” sustatzeko.

Helburua zera da: talentua eta inbertsio berriak erakartzea eta etorkizuneko Nafarroan bizi kalitatea bermatzen duten gizarte proiektuak bultzatzea, baita indarrean daudenak garapen jasangarriaren ikuspegitik finkatzea ere.

Foru Erkidegoa da Espainian egresatuen enplegu tasa % 94,5 baino handiagoa duen bakarra

LH Dualeko laneratze tasa % 95etik gorakoa da Nafarroan. Estatuko buruan gara Lanbide Heziketa Dualean; graduatu berrien enplegu tasa % 94,5ekoa duten EBko 16 eskualdeetako bat gara.

Nafarroa ikasturte bat aurreratu zitzaion Lanbide Heziketaren Antolamenduari eta Integrazioari buruzko martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organiko berria indarrean jartzeari, eta talde eragile bat eratu zuen sare publikoko ikastetxe integratuetan LHko ikasketak eta enpresetako praktikak konbinatzeko esperientzia gidatu zezan.  Ikasle kopurua % 30 baino gehiago handitu da, eta nabarmen handitu da, orobat, zikloen eta graduen eskaintza, 120.000 prestakuntza ordu egiaztagarritik gora baitaude 24 lanbide arlotan; hori da, hain zuzen, enpresen prestakuntza premiei beti adi dagoen hezkuntza honen bizkarrezurra, zeinean behar baino ordezkaritza apalagoa duen sexuarentzako plazak gorde diren, emakumeen eta gizonen presentzia orekatzeko.

Legegintzaldian lehen bultzada eman zaio Nafarroaren nazioartekotzeari: partaidetza, energia berriztagarriak eta Navarra Talent

Nafarroako Nazioarteko Planaren partaidetza-prozesu irekiak interes handia piztu du. Ekarpen asko jaso dira, eta oihartzun handia izan du prentsan. Departamentuak ekarpen guztiei erantzun die. Halaber, energia-berriztagarriei buruzko enpresa-misio bat egin da AEBn, historian lehen aldiz: Nafarroan sektore horretan dabiltzan 14 enpresak hartu dute parte, eta Houstonen egin da (Texas). Gainera, nazioarteko talentua erakartzeko helburua duen Navarra Talent plataformak urtebete egin du martxan jarri zenetik, eta Nafarroan dauden atzerriko ikasleen eta enpresen arteko topaketak izan dira. Lehen urtean, 3.234 talentu erakarri ditu.

100 prestakuntza ekintza desinformazioari aurre egiteko, GGKEen koordinakundearekin eta NUPekin lankidetzan

Desinformazioa da gorroto diskurtsoen eta diskriminazio arrazista eta xenofoboaren arrazoi nagusietako bat. Gizartearen aurreiritzi asko errealitatearekin loturarik ez duten diskurtsoetan oinarritzen dira, edo egiaztatu gabeko baieztapen eta datu hanpatu eta desitxuratuetan. Ondorioz, uste okerrak sortu, eta kalte larria eragiten zaie berdintasunaren eta giza eskubideen esparruei, besteak beste. Egoera hori ikusita, Nafarroako Gazteriaren Institutuak 100 lantegi baino gehiago eginen ditu diskurtso mota horiei aurre egiteko, Nafarroako GGKEen Koordinakundearekin eta NUPekin batera. 

Ingurumenak zuraren mahai sektoriala eratu du, eta lehen bi neurriak hartu ditu

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak baso kudeaketa jasangarria berraktibatu du, Nafarroako landa eremuetako aukera- eta garapen-faktore gisa. Zuraren mahai sektoriala eratu du, eta dagoeneko bi aldiz bildu da. Bilera horien ondorioz lehen bi neurri zehatz hauek hartu dira: 1,2 milioi euroko laguntzak ematea egur industriaren eraldaketa sustatzeko, eta udal titulartasuneko mendien baso kudeaketa subrogatuko eredu bat diseinatzea.

Bigarren urtez jarraian, dinamizazio-sarea jardunean dago

Ekimen honi esker, bigarren urtez jarraian, sareko 5 teknikari izanen dira Nafarroa guztiko tokiko ekintza-taldeetan (CEDERNA-GARALUR, TEDER, EDER eta Nafarroako Erdialdea Garatzeko Partzuergoa). Sare hori doako aholkularitza-zerbitzua da, eta Nafarroako landa-eremuetako saltokiei eskaintzen zaie, lehiakortasuna hobetzeko. Nafarroan Hurbileko Txikizkako Merkataritza Bultzatzeko Planaren lerro estrategiko bat da zerbitzu hori indartzea.

Berrikuntza Haranen Europako proiektu bat koordinatzen du eta Europako Garapen Agentzien Elkartearen sari bat jaso du

Nafarroa aukeratu dute ECIV (European Circular Innovation Valley) proiektu europarraren partzuergoaren koordinatzaile gisa. Asmo handiko ekimen bat da, Europar Batasunean benetan konektatuta dagoen eskualdeen arteko ekosistema bat sortzeko, 27 milioi eurotik gorako finantzaketarekin. Nafarroari 6.428.500 euroko aurrekontua esleitu zaio, eta Europako Batzordeak %50eko finantzaketa eman dio.

Proiektuak, Europar Batasunarentzat eta Nafarroarentzat hain garrantzitsua, egungoa eta estrategikoa den eremu bati egiten dio erreferentzia: ekonomia zirkularra eta garapen jasangarriarekiko eta ingurumenarekiko konpromisoa. Helburu hori bateragarria da garapen ekonomiko eta sozialarekin, balio kateak sortuz eta betiere herritarren onurarako.

Garapen Agentzien Europako Elkarteak Navarra Zirkularri emandako sariak ere berretsi du Nafarroaren apustu hori; hain zuzen ere, ekonomia zirkularraren paradigma berriaren alde egiten duten enpresei emandako laguntzagatik eman diote saria. NUPek, Nafarroako Gobernuarekin lankidetzan, Ekonomia Zirkularreko katedra bat eta master bat ere baditu.

Nafarroako Gobernuak zenbait ekintza aurkeztu ditu laneko arriskuak prebenitzeko eta prebentzioaren kultura zabaltzeko

Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuak, Osasun Departamentuarekin elkarlanean, zenbait ekintza jarri ditu abian, neurri berritzaileak barne hartuta, eta prebentzioaren arloko aurrekontua indartu du, 1,5 milioi eurora iritsi arte.

Foru Gobernuak 10 milioi euroko krisi laguntzak jarri ditu mahastizainentzat eta upategietarako

Nafarroako mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektorea krisi koiunturala pairatzen ari da ardo kontsumoak, batez ere ardo beltzarenak, behera egin duelako. Hori dela eta, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak 10 milioi euroko laguntzak aktibatu ditu ekoizle eta upategientzat, besteak beste, uzta berdea edo destilazioa egiteko, soberakinak murriztea helburu. Dena den, ez ditu baztertzen epe ertaineko bestelako ekintzak, ez erantzun puntualak emateko, baizik eta epe ertaineko plan bati ekiteko (barietate bakarra berregituratzeko, edo sektoreari, sustatze- eta merkaturatze-modu berriekin, bultzada berria emateko).

Foru Komunitateak turismo jasangarria eta espezializatua eraikitzearen aldeko apustua egiten du

Aurrerapenak egin dira Nafarroa erreferente izanen den turismo-segmentuen bereizketan, hala nola zikloturismoa, “Nafarroa bizikletaz Produktu Kluba” sortuz, enogastronomia, turismo aktiboa eta naturakoa, edo MICE; horretarako ekintza zehatz batzuk egin dira, esate baterako, Nafarroako Plazaola bide berdearen egokitzapena bukatzea, azken tartea, Saratsa-Iruñea, ireki baita. 

Pie de página